|
ELORZAREN
DENBORAZKO ISPILUAK
Artemis
Olaizola
José
Ramón Elorzaren azken pinturei begiratuta, ezinbestekoa da gogora
ekartzea Heraklitok esana, “Gauza guztiak aldatzen dira, ezerk ez du
irauten”, eta halaber ezinbestekoa da onartzea gure errealitate
metamorfikoarekin duten baliokidetasuna. Errealitate horrek aldaketa
iraunkorraren, denbora azeleratuaren eta izaera osatugabearen itxura du,
eta gaur egungo sorkuntza artistikoan eragiten eta zehazten du.
Elorzaren lanek ura iradokitzen dute, ura oinarrizko printzipio
gisa, baina baita puntu geometrikoa (izaera espaziala eta zatiezina
duena) eta atomo fisikoa ere (hutsean, etengabeko mugimenduaz eta
aurkakoen legearen arabera flotatzen duena). Errealitatea jarraitu-etena
balitz bezala atzematen da: ez dago ez hasierarik ez amaierarik, eta
horregatik, ezin da definitu edo amaitu, inondik ere. Beraz, xederik
gabe mugitzen den unibertsoa osatzen du, sakontasunaz biluzirik dagoen
espazioa. Unibertso hori amaigabe itxuraldatzen ari da, eta bertako
osagaiek, aurkakoak diametroari dagokionez, tentsio eta botere
harremanak eragiten dituzte, eta horiek, aldi berean, emozioak,
sentipenak eta intuizioak pizteko aukera ematen dute.
Elorzaren pinturak ispilu baten antzera dihardu; gauzak
agerrarazten ditu, beren berehalakotasunean atxikitzeko eta labur-labur
izendatzeko, izatez diren bezala. Tentsio bikoitzaren isla da: gauzen
ezkutuko irudia, baina atzemangarria, eskaintzen digu, eta orobat
eskaintzen digu gauzak denborarekin zahartu eta aldaketa prozesu
horretan bilakaeraren unea islatzen dela jakitearen irudia. Arrastoak,
suspentsioak eta, Heidegger-en parafrasea eginez, “oszilazioak”
baino ez, eta horien indarra bilakabidean jartzen da, eta ez izatean
Bestalde, Elorzaren pinturak pentagrama unibertsal baten antzera
dihardu; ur gainean den opera baten antzera; elkar gurutzatzen eta hitz
egiten duten nota azkengabeen sistema baten antzera: zabaltzen eta
uzkurtzen diren tonuez osatua, eta isiltasuna hausteko egina den
kontzertu betierekoari eta ezkutuari jarraitzen diona.
Laburbilduz, diskurtso poetiko eta estetikoa da, sentiberatasunak
eta galdera intimoek osatua; egitura bati dagozkion uneak irudikatzen
ditu, eta egitura hori, halaber, ikerketa baino ez da, beti zabalik
dagoen eta mugimenduaren bitartez irudi sakonak inkontzientetik
errealitatera eramaten dituen prozesuan.
Baudelaireren iritziz, lerroa eta kolorea dira pintura baten
alderdi interesgarrienak.
Elorzaren lanak lerro, plano eta koloreez osatutako indar eremuak
dira; eremu horiek printzipio biomorfiko baten bitartez garatzen dira,
hau da, zelula organikoa eta bere haziera prozesuak batetik, eta
bestetik, forma geometrikoa eta garapen prozesua aurrez aurre jartzen
dituen printzipioaren bitartez. Beraz, naturalismo biomorfikoa da,
zeinaren ezaugarri diren elementalismo dinamikoa eta elementalismo
estatikoetatik eta Mondrianen prozedura espekulatiboetatik urruntzen
diren prozedura operatiboak.
Elorzaren
espazioa espazio neoplastizista da, ikusmenaren pertzepzioan oinarritua.
Forma bihurtzen den kontzientziaren espazioa da; zer gertatzen den eta
gauzen artean zer harreman dagoen deskribatzen digun kontzientziaren
espazioa. Inmaterialtasunez eta lebitazioz betetako irudien konstruktu
arrazionalista-enpirista da, izan ere, substantzia ikusgaiek ez dute
materiaren pisu fisikoa, eta beren formak gainalde gardenak dira, eta
aldi berean, solido geometrikoak.
Elorzak
ez du apaintzen, giroa irudi bidez berregituratzen baizik; atmosfera
adierazgarriei –beroak, neutroak edo hotzak– forma koloreztatuetan,
obalatu eta biribiletan, oinarritutako arkitektura gainjartzen die;
forma horiek beren bulkada eta erritmo propioak dituzte, eta hainbat
sakontasun planotan deskonposatzen dituzte gainaldeak.
Organismo dinamiko eta dialektikoaren irudikapena da: bere sistema
aurkako tentsio eta indar ugarien eraginpean dago, bere espazio
piktorikoa espazio aporetiko bihurtzen da, eta bertan, hondoak eta
formak elkarri eragiten diote. Osagai biomorfikoak –benetako zeinu
piktorikoak– espazioaren eta denboraren unitate ikusgai bihurtzen dira;
beren erritmoaren bitartez, sakontasunaren eta argiaren funtzioa
betetzen dute, eta masak irudikatzen dituzte, berez zabaltzeko edo
uzkurtzeko, azaleratzeko edo urperatzeko joera duten masak; batzuek
besteen gainean duten interakzioaren eta beren aldi bereko eta aurkako
indarren eraginpean daude; eta horizontalen eta bertikalen irazki
urbanistiko sotilean islatzen dira.
Hondoa eta irudiak (edukitzailea eta edukia) batera jarduten dute
gune plastiko honetan, eta intentsitateak, maiztasunek, loturek eta
distantziek bat egiten dute inmanentzia planoak elkar komunikatzen
direla jarriz, kontzeptuen jarraipena adieraziz, bizitzaren kartografia
plastiko moduko bat osatuz.
Likidotasun zeharrargia, aberatsa eta emankorra, sentipenen
lurraldea, lausotze akrilikoak: figuratiboak eta egiturazkoak, beroak
eta urrunak, hauskorrak eta garbiak, urratzaileak eta eraikitzaileak,
sorrarazi dituen kontraesan faktore bat bera ere saihestu gabe.
Denbora eta espazioa elkarren gainka dauden ekintzak dira; bertan,
izan-ez izan, barruan-kanpoan, iluna-argia, positiboa-negatiboa, beteta-hutsik
dialektika formalak dialektika bizi eta aberatsean nahasten dira.
Elorza lanbideko pintorea da, sukaldean aritua, plastikotasun
liriko sakonekoa, pinturaren egikera, osaera organikoa eta adierazpen
plastikoari forma ematen dioten efektu eta baliabideak aztertzen dituena.
Elorzaren lan guztiek dute garbitasunerako, funtsezkotasunerako
eta sintesirako gogo bizia, eta hori nabarmen agertzen da bere
zorroztasun konstruktiboan. Elorzak distantziatik egiten du bere lana,
formari eta sor daitezkeen tentsioei adi, bere kontraesanak progresiboki
aurkituz. Ez da bakarrik pintatzea, egitea ere bada, identifikazioen
artetik askatasunez joan-etorrian ibiltzea, eta baita horietan
murgiltzea eta, aldi berean, horietatik urruntzea ere.
Bere esperientzia ordena bisualean oinarritzen du, eta denboraren
joana, gauzen barne erritua, mutazio horiek zentzumenetan duten eragina
eta, gauza guztien gainetik, ostertzaren lerroaren gainetik goratzeko
pinturak onartzen duen inflexio puntua interesatzen zaizkio orobat.
|