Indice textos

 

 

Geruzen Pintorea

             Bizitza bezalakoak dira koadro asko, geruzak gainjartzen eraikitzen dira osorik daudela konturatu arte.

            Jose Ramon Elorzaren koadroak beti geruzaz geruza osatzen dira, bai hasierako marroi koloreko koadroetan, bai zuri beltzeko espazioko paisaiak diruditen koadrotan, bai kapsula itxurako formak zeuzkatenak, bai espresiboagoak ziren zirkulu zirriborroak eta bai, azkenik, koloretako lerroz osatutako oraingoak.

            Pintoreak pintatu egiten du, pintatzen disfrutatzen du eta "giornaten" emaitzak dira koadroetan azaltzen diren geruza ezberdinak. Artistaren eguneroko lana, pintatzen pasatako orduak eta ordu horietan bizitakoa, sentitutako, pentsatutakoa koadroan itsatsita geratzen da kolore geruzetan. Horrela pixkanaka ordu horien aztarnak gainjartzen dituzten koadroak sortzen dira artistaren kaierak edo egunerokoak izango balira bezala, eta arkeologi aztarnategi baten antzera, azpian dagoena gainean deskubritzen duguna baino lehenagokoa da.

            Lan horretan pasatzen du pintoreak estudioko denbora eta denbora hori koadroetan biltzen da. Horregatik Jose Ramonen pintura ez da Estatu Batuetako akzio pinturaren antzeko zerbait, alderantziz, pazientzi pintura, memoria pintura, aztarna pintura edo lan pintura izango litzateke hitz zuzenagoa.

            Pintatzeari gustua harrapatu ondoren zaila da lagatzea eta Jose Ramon egiten duenarekin gustura dagoela igertzen da. Koadrotan ikusten da berarentzat pintatzea beharrezkoa dela eta ikuslearentzako pintura zatiak sortzen ondo pasatzen duela. Pintorearen lana ez baita bakarrik pintatzea, besteentzat pintatzea baizik.

            Geruzaz geruza sortzen dituen koadro izena hartzen duten forma karratu edo errektangeluarrak sakontasun handikoak izaten dira. Hirugarren dimentsioa lortzea pintura planoen bidez ez da batere erraza. Sakontasuna ematen trebea da pintorea eta horretarako ez du marrazkiaren beharrik. Forma eta koloreen gainjarpenak sortzen duten espazio sakonak ikuslea eramateko erabiltzen ditu eta horrela pintura modernoaren eta tradizionalaren esparru ez hain kontrakoak elkartzen edo adiskidetzen ditu.

            Cezannek egiaztatu zuen pintura berez forma emateko gai zela, marrazkia ez zela behar beharrezkoa alegia. Jose Ramonen koadroetan gauza bera somatzen dugu, sakontasuna pinturaren berezko baliabideekin eman daiteke (Errenazimenduak asmatutako perspektibaren beharrik gabe), espazio bereziak sortu arte, ikuslea erakartzen duten zulo beltzen antzekoak osatu arte.

            Baina gainjartzea asko eta asko lausoduren bidez egiten ditu eta horrek pinturaren tradiziora hurbiltzen du. Olio pintura asmatu zenetik pintoreak konturatu ziren hondoekin eta gainjartzeekin jokatu zitekeela, azpikoa nahi zen momentuan aterata edo prestatutako kolore geruza nahi zuten efektuak lortzeko balia zezaketela.

            Hala ere, azken koadrotan kolorearen eta ehunduretan gehiago murgildu da eta soilagoak dira azken garaian pintatutako koadroak. Garai batean eskua soltatzera jolastu bazuen ere, orain kolorearen ikerketan sakontzen ari da, koloreak dituen aukerak aztertzeko. Koloreen elkar eraginak eta haien antolaketa aztertu nahi ditu marraz osatutako koadroetan.

            Baina logikoa dirudienaren kontra, kolore ez garbiak erabiltzen ditu ikerketa horretarako eta kolore batetik bestera nola pasa berezko ezaugarriak galdu gabe izango litzateke pintorearen interesetako bat. Kolorearen erabilpena eta euskarriarekin duen harremana pintore guztien arazoa izan da beti eta orain inoiz baino gehiago galdetzen dio bere pinturari zein den biderik egokiena pinturak berezkoak dituen osagaiak hobeto erabiltzeko eta transmititzeko: kolorea, esan dugun moduan eta antolatzeko era, formaren aldaerak azken emaitza zeharo baldintza dezakeelako. Geometria sinpleak eta norabideak gauza asko alda ditzake, ikerketa bide berria ireki du Jose Ramonek azken koadro hauetan: pintura eta espazioaren arteko harremana. Lehen espazioak koadro barruan sortzen bazituen, orain espazio errealean zabaltzeko aukera bilatu du eta horrek bera lana beste norabidean jar dezake. Koadroak pintura zatia eta artistaren orduen bilduma izateaz gain, espazioan bizi den objektu plastikoa izan daiteke eta espazioan eratzeko arazoak dimentsio berria eskaintzen dio artistari eta ikusleari. Konbinaketak, jokoak eta espazio okupazioak Jose Ramonen pinturaren arazo zaharrak badira ere aukera berriekin topo egingo du zabaldu berria duen azken lanekin.

            Jose Ramonek pintore guztiak bezala galderak egiten dizkio esku artean duen baliabideari hobeto ezagutzeko. Pinturari buruz dena jakin nahi du eta horretarako behar diren aldaketak eta behar diren bueltak emango dizkio ondo erabiltzen dituen tresnei: edozein gauzaren gainean jarritako pinturari (pintura materia moduan ulertuta noski) eta formari.

            Urtetako ikerketa horretan iraun duen ia gauza bakarra geruza da. Fresko egileen "giornata" gogorarazten duen eguneroko lana baina XX. mendeko pinturaren esperientzetik pasatuta.